miércoles, 16 de noviembre de 2011

«Herri kiroletako eskolak etorkizuna bermatzeko »




Herri kirolek gorabehera handiak bizi izan dituzte azken urteotan ; hala, egoera hori saihestu eta oinarri sendo bat izateko, ezinbestekoa da herri kiroletako eskolak sortzea.

«Bizi garen mundu globalizatu honetan gutxiengoen kirolak desagertzera behartuta daude». Gipuzkoako Herri Kiroletako presidentea den Aitor Esnaolaren esaldia da hori. Beraz, hori hala bada, herri kirolak ere desagertzera behartuta al daude? Esnaolak, kasu honetan, argi eta garbi erantzun du: «Ez. Herri kirolak, minoritario samarra izanda ere, ez dago hain egoera larrian, herri batekin, kultura batekin oso lotuta dago, gainera».


Duela urte batzuk herri kirolek hondoa jo zuten, baina orain «itxaropentsu nago, bidea marraztuta dugu. Izan ere, Gipuzkoako Aldundia tartean sartu da, eta duela zenbait urte ikastetxeetan sustapen programa bat abian jarri zuen, eta programa horren barnean sartu ziren herri-kirolak».


Programa hori ikastetxeetan, eskola orduetan garatzen da, «ikastetxeentzako herri kirolen programa finkatu samar bat dugu eta, horrenbestez, ikasleek modalitate asko ezagutu ditzakete; horretarako, Euskal Herriko jolas, joko eta kirolak berreskuratzea xede duen Xiba elkartearen bitartez, benetako herri kirolen oso antzekoak diren jokoak erakusten zaizkie».


Herri kirolak ezagutzeko programa hori Gipuzkoako ikastetxe guztiei eskaintzen zaie eta gero, bakoitzak erabakitzen du zer egin, programan sartu edo ez. «Donostiako ikastetxeek, esaterako, kirol eskaintza zabala dute, zabalegia agian, eta beharbada horregatik gure herri kirolen programa horrek ez du halako arrakastarik hiriburuan».


Aitor Esnaolak nabarmendu duenez, «gure asmoa ez da herri kirolak hemendik urte batzuetara indartsu egotea bakarrik, baita etorkizunean elitean izateko tresna gisa hartzea ere, hau da, ikastetxeetara jotzen dugunean herri-kirolen programarekin, gorputz heziketako irakaslea jabetu dadila herri kirolek ikasleen artean hainbat balio igortzeko tresna izan daitekeela».


Herri kirolak ikastetxeetan ezagutzera emateko bidea marraztuta dago, beraz, baina Esnaolak aitortu duenez, «nire eta federazio honen erronka nagusia herri kiroletako eskolak sortzea da». Herrietako hainbat eragile sarean harrapatuko dituen eskolak sortzea, ahal bada, eskualdeka. «Irizpide komun batzuk finkatu beharko lirateke eskola sare hori osatzeko, baina behin oinarri hori finkatuta, herri kirolen etorkizuna bermatuta izango litzateke».


Eskola horiek hiru fasetan banatuta izango lirateke: 1) sustapen programa: jokoen bidez irakasleek ikasleei herri kirolak erakustea. 2) Eskola orduetatik at herri kirolak lantzeko konpromisoa; 16 urte bete arte modalitate guztiak probatzeko aukera emango lukeen gune bat egongo litzateke. 3) Teknifikazioa: modalitate bat hautatu eta hori behar bezala lantzeko aukera ematea (medikuekin, prestakuntza zehatzekin...). Eskola horiek sortzeko, ordea, guztion laguntza beharko dela uste dot.





No hay comentarios:

Publicar un comentario